Print Friendly, PDF & Email

Gipuzkoako ikastetxeek ikusmen murriztua gizarteratuko dute

Donostian, 2019/04/01

● Ikusmen Murriztua duten ikasleen inklusioa bultzatzeko, Retinosis Gipuzkoa
Begisarek eta IBT-CRI Donostiak martxan jarri duten egitasmoarekin bat egin
dute lurraldeko 50 ikastetxek baino gehiagok

● Sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute datorren astean, Hezkuntzaren
aldeko Mundu mailako Ekintzen Astearen barruan

Datorren astean egingo den Hezkuntzaren aldeko Mundu mailako Ekintzen Astearen barruan, Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteak, IBT-CRI Donostiarekin elkarlanean, ikusmen murriztuaren aldeko kontzientziazio kanpaina bat egingo du Gipuzkoako ikastetxeetan. Kanpainaren helburua ikusmen murriztua duten haurren eta gazteen inklusioa bultzatzea izango
da. Horretarako, egitasmoarekin bat egiten duten ikastetxeetan pankartak jarriko dituzte.

Guztira, 50 ikastetxek baino gehiagok bat egin dute Retinosis Gipuzkoa Begisarek eta IBT-CRI Donostiak landu duten kanpainarekin. Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak bere baitan duen organismo publikoa da IBT-CRI Donostia, 1980tik heziketa zentroekin elkarlanean ikusmen
desgaitasuna eta itsutasuna duten ikasleen inklusioa lortzeko lanean ari dena.
Ikastetxeetan pankartak jartzeaz gain, sarrera nagusietan Ikusmen Murriztua Dut irudiaren pegatinak ere jarriko dira, eta ikusmen murriztua zer den eta zein sintoma dituen azaltzen duten liburuxkak eta kartelak ere banatuko dira. Kanpainaren atariko modura, irakasleei zuzendutako sentsibilizazio jardunaldiak ere egin dituzte, Ikusmen Murriztua Dut eta Ikusmen Murriztua Dut VR sakelakoetarako app-a erabiliz. Lanketa honen bidez, ikusmen murriztua duten ikasleen egunerokoa euren azalean bizi ahal izan dute irakasleek.

Sentsazioak lehen pertsonan

IBT-CRI Donostiak denbora darama dagoeneko ikasleek bizi duten errealitatea lehen pertsonan ezagutzen, ikusmen murriztua duten pertsonek dituzten sintomak euren azalean bizitzen.

IBT-CRI Donostiatik adierazi dutenez, “sakelakoetarako aplikazioak oso lagungarriak izaten ari dira. Ikasleek bizi eta sentitzen dutena sentitzeko erreminta bikaina dira, haiek bizi dutena bizitzeko, haiek sentitzen dutena lehen pertsonan sentitzeko. Horrek irakasleriaren inplikazioa areagotzen du, eta ikasleen inklusioa modu zuzenagoan bultzatzea ahalbidetzen du”.

Tunel moduko ikusmena, erdiguneko bisio lausotua, gaueko itsutasuna edo fotofobia dira ikusmen murriztua duten pertsonek izaten dituzten sintometako batzuk.

Milioi bat pertsona baino gehiago ikusmen murriztuarekin

Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteak orain bost urte sortu zuen “Ikusmen Murriztua Dut” ikurra . Hasieratik, bi helburu izan ditu: ikusmen murriztuaren inguruan gizartea sentsibilizatzea eta hura bizi dutenei identifikatuko dituzten adierazgarri bat eskaintzea. Denbora tarte honetan, sentsibilizazio kanpaina arrakastatsuak egin ditu elkarteak, eta Gipuzkoako ikastetxeekin elkarlanean lan egin du ikusmen murriztuaren sintomak lantzeko. IBT-CRI Donostiarekin batera datorren astean egingo duen kanpainaren bidez, gizartea ikusmen murriztuaren inguruan sentsibilizatzen jarraitu nahi du Retinosis Gipuzkoa Begisarek.

Izan ere, ikusmen murriztua izateak itsutasuna baino gradu bat gutxiago izatea esan nahi du. Ezin da betaurrekoekin edo kirurgiarekin zuzendu. Itsutasuna baino ohikoagoa da, baina askoz ere ezezagunagoa. Espainiar estatuan 70.000 pertsona inguru daude itsu, eta milioi bat pertsona ikusmen murriztuarekin. Biztanlegoaren %2ri eragiten dio.

Hezkuntza inklusiboa

Kanpaina honetarako IBT-CRI Donostiaren laguntza izan du Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteak. Donostia IBT-ko lan taldea irakasle ibiltariek osatzen dute, eta heziketa-mailan ikusmen urritasuna duten ikasleen inklusioa lortzea dute helburu. Ikusmen zailtasunak familian eta gizartean sorrarazi ditzaketen ondorioen inguruan familiei zuzendutako aholkularitza eskaintzen du IBT-CRI Donostiak. Ikastetxeetako irakasleekin eta profesional medikuekin batera interbentzio programak egiten dituzte, hezkuntza materiala egokitzen dute, ikerketa lanak egiten dituzte eta berrikuntza pedagogiko, oftalmologiko,
teknologiko eta informatikoak haien beharretara moldatzen dituzte. Ikusmen desgaitasuna duten ikasleei ikasketa prozesuetan laguntzen diete, ohiko edukiak barne hartzen dituen curriculo zehatz bat garatuz.

Hezkuntza alorreko maila guztietan eskaintzen du zerbitzua IBT-k, 0 eta 2 urte bitarteko haurrei zuzendutako arreta goiztiarreko zentroetatik hasi eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako mailetan eta batxilergoan. Helduen hezkuntza eskoletan, urrutiko oinarrizko hezkuntza zentroetan, formakuntza zikloetan eta hizkuntza eskoletan ere aritzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tamaño de fuente
CONTRASTE