Print Friendly, PDF & Email

Biodonostia osasun arloko ikerketa zentroa inauguratu dute

www.eitb.com, 2010/11/16

Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroa eta Patxi Lopez lehendakaria Biodonostia osasun arloa garatzeko zentroaren inaugurazioan izan dira Donostian. 14 milioi euroko inbertsioa behar izan da osasun arloko lehen ikerketa zentroa abian jartzeko. Nazioarteko ikerkuntza arloan nagusi izango da eta gaixoentzat onurak ekarriko ditu.

Rafael Bengoa Osasun sailburua, Markel Olano foru ahaldun nagusia, eta Odon Elorza Donostiako alkatea izan dira ere Donostiako Ospitalearen barruan dagoen zentroaren inaugurazioan.

Biodonostiak sei ikerketa ardatz nagusi izango ditu: infekzio-eritasunak; digestio-gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak eta sistemikoak; medikuntza erregeneratiboa; injinerutza genetikoa; neurozientziak; eta epidemiologia klinikoa eta osasun publikoa.

Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, “laborategitik gaixoaren ohera doazen ikerketak sustatuko ditu eta ezaguera zientifikoak klinikako praktiketara bideratzeko pausuak ahalik eta gehien bizkortzen lagunduko du” Biodonostiak.

Orain dela lau edo bost urte Cristina Garmendiak Biodonostia sortzeko lehen erreflexio bileretan parte hartu zuen, eta “Europako zentro lehiakorrenen artean egoteko gaitasuna duela” esan du gaur.

Gainera, Garmendiak nabarmendu du Espainian ikerketa eta garapen alorrean gehien inbertitzen duen bigarren erkidegoa dela EAE, Madrilen atzetik.

Garmendiaren Ministerioak 6,9 milioi inbertitu ditu Julio Arrizabalagak zuzentzen duen Biodonostia institutuan. Bertan, 270 adituk egingo dute lan proiektu ezberdinetan.

URL: www.eitb.com/albisteak/gizartea/osoa/542545/biodonostia-osasun-arloko-ikerketa-zentroa-inauguratu-dute/#comments

.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tamaño de fuente
CONTRASTE