Akromatopsia

Herentzia autosomiko errezesiboko gaixotasun ez-progresiboa da. Konoetako gaixotasunik ohikoena da, nahiz eta askotan ez den behar bezala diagnostikatzen. Erretinaren kono-kopurua oso eskasa da, eta jaiotzetik bizitza osoan zehar berdin mantentzen den funtzionamendu okerra dute gutxi horiek. Gogora dezagun erretinako konoak direla bereizmen handiko ikusmenaren eta koloretako ikusmenaren arduradunak. Gaixotasun horrek ezaugarri hauek ditu: ikusmen-zolitasun txikia, begi-globoen nahi gabeko mugimendu azkarra (nistagmus), argiarekiko sentikortasuna areagotzea, erdiko eskotoma txikia (ikusmen-eremuan puntu iluna edo erabat beltza) eta koloreak bereizteko gaitasunaren erabateko galera.