Urriaren 8an, Ikusmenaren Munduko Egunean, Retina Euskadi Begisarek aniztasuna jarri nahi du erdigunean, ikusmen murriztua oso pertsona desberdinen bizitzaren parte izan daitekeela gogorarazteko. Askotan ikusezina den errealitate hori ikusgai egin nahi dugu aurten “KONTUAN IZAN” kanpainaren bidez.
Ikusmen murriztuak ez du aurpegi bakarra. Emakumeei zein gizonei eragiten die, gazteei zein adinekoei, eta jatorri desberdinetako pertsonei. Horregatik, aurten aniztasuna Ikusmenaren Munduko Eguneko gure kanpainaren protagonistetako bat izatea nahi izan dugu.
Urrian zehar Euskadiko hainbat euskarritan ikusiko diren irudiek aniztasun hori islatzen dute: adin, sexu eta jatorri desberdinetako pertsonak IKUSMEN MURRIZTUA DUT bereizgarriaren ondoan. Izan ere, ikur horren atzean pertsonak bezainbeste errealitate daude.
Askotan ikusten ez den desgaitasuna
Pertsona batek ikusmen murriztua duela esaten da ikusmen-galera handia duenean eta galera hori ezin denean behar bezala zuzendu betaurrekoekin, tratamendu farmakologikoarekin edo kirurgiarekin. Ikusmen lausoa, ikusmen zentralaren edo periferikoaren galera edota ikus-eremuaren zati baten galera eragin dezake, eta eguneroko jarduera ugari zaildu.
Hala ere, bere ezaugarri nagusietako bat da askotan oharkabean pasatzen dela. Ikusmen murriztua duen pertsona bat egoera batzuetan autonomiaz molda daiteke eta beste batzuetan laguntza behar izan. Telefono mugikorra begiratzeko gai izan daiteke, baina aurrean duen pertsona ez ezagutu; kartel bat distantzia jakin batera irakur dezake, baina oztopo batekin estropezu egin; edo gainerakoentzat begi-bistakoa den zerbaitengatik galdetu behar izan dezake.
Itxurazko kontraesan horrek sarritan ulermen falta eta gaizki-ulertuak eragiten ditu.
Ikusgai egiteko bereizgarria
IKUSMEN MURRIZTUA DUT bereizgarria, hain zuzen ere, ulermena errazteko sortu zen. Pertsona batek ikusmen-hondar erabilgarria izan arren ikusmen-desgaitasuna duela identifikatzen laguntzen du, eta bestela ulertzeko zailak izan daitezkeen jokabideak azaltzen laguntzen du. Bakarrik erabil daiteke, baita makila zuriarekin edo gida-txakurrarekin batera ere.
2013an sortu zen, Retina Gipuzkoa Begisareren ekimenez, eta ordutik Espainia osoan zabaldu da; gainera, gero eta presentzia handiagoa du Iberoamerikako herrialdeetan.
Kanpaina honekin bi helburu lortu nahi ditugu: gero eta pertsona gehiagok bereizgarria ezagutzea eta zer esan nahi duen jakitea, eta ikusmen murriztua duten pertsonak erabiltzera animatzea. Zenbat eta ikusgarriagoa izan, orduan eta errazagoa izango da ulermena sustatzea eta egoera deseroso edo bidegabeak saihestea.
“KONTUAN IZAN”: Euskadi osoan zabalduko den kanpaina
Urrian zehar, kanpaina Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hainbat espazio eta garraiobidetan egongo da ikusgai: markesinetan, autobusetan, geltokietan, Metro Bilbaon, tranbian, Euskotrenen eta beste hainbat euskarritan. Bizkaian, gainera, San Mamesek ere bat egingo du sentsibilizazioarekin, estadioa argiztatuz eta kanpainaren bideoa kanpoko pantailan eskainiz.
Kanpaina “Horrela ikusten dugu ikusmen murriztua dugunok” bideoarekin osatuko da. Bertan, ikusmen-galera mota desberdinak simulatzen dira —besteak beste, tunel-ikusmena, ikusmen zentralaren galera, fotofobia edo ikusmen-zorroztasunaren galera—, herritarrei ikusmen murriztua duen pertsona batek ingurunea nola hauteman dezakeen eta egunerokoan zer zailtasun izan ditzakeen erakusteko.
Gainera, material grafikoek zein bideoak NaviLens kodea dute, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarriagoak izan daitezen.
Aniztasuna ere ikusmen murriztuaren parte da
Ikusmenaren Munduko Egun honetan mezu argi bat zabaldu nahi dugu: ez dago ikusmen murriztua duen pertsonaren profil bakar bat.
Adin, historia, kultura eta egoera oso desberdinak izan ditzakegu. Ikusteko moduak ere oso desberdinak izan daitezke. Baina badugu zerbait komunean: gizarteak errealitate hau ezagutzeko eta desgaitasun guztiak begi hutsez ikusten ez direla ulertzeko beharra.
Horregatik, IKUSMEN MURRIZTUA DUT bereizgarria ikusten duzunean, gogoratu zer esan nahi duen.
Kontuan izan.



