7.- Nola babes eta zain ditzaket ahalik eta gehien nire begiak?

Frogaturik dago eguzki-argi biziarekiko gehiegizko esposizioa kaltegarria dela erretinarentzat, hortaz, begiak izpi ultramore, argi urdin eta argitasunetik babestu behar dira. Xede horretarako egokiena UV babesa eskaintzen duten filtro hautatzaile batzuk erabiltzea da. Filtro desberdinak daude eta gehien komeni zaizunaren inguruan ikusmen baxurako zentroetan informatuko zaituzte. Bestalde, argitasun handiko egunetan hegal zabaleko kapela baten erabilpena gomendagarria da.

Era berean, erretzeak atzeraezinak diren kalteak sortzen dituela guztiz frogatuta dago eta, beraz, eragindakoek tabakoa eta kea duten giroak ekidin beharko lituzkete. Era berean, alkohola eta beste toxiko batzuk kontsumitzea saihestu behar da, epe luzera gure begi-osasunerako eta osasun orokorrerako kaltegarriak baitira.

Kolore anitzeko fruta eta begetaletan eta omega-3 ugariko arrain koipetsuetan aberatsa den dieta osasuntsu eta orekatu batek efektu antioxidatzailea du, eta oso onuragarria da erretina zaintzeko.