19.- Zer suposatzen du itsu legala izateak? Zerikusirik al du ikusmen zorroztasun eta ikuseremuarekin?

Ikusmen ezgaitasunarekin ohiturik ez dagoen norbaitentzat itsutasunak ikusmenaren erabateko galera esan nahi du. Hala eta guztiz ere, Espainian “legearen aurrean itsu” kontsideratzen dira 0,1 (10/100) edo gutxiagoko ikusmen zorroztasuna edota 10 gradu edo gutxiagoko ikuseremua duten gizon-emakumeak. Honek esan nahi du, legez itsu diren pertsona askok ikusten dutela, baina muga handiak dituzte eta aldakorrak kasuan-kasuan.

Ikusmena beti 2 irizpideren arabera neurtzen da: ikusmen zorroztasuna eta ikuseremua.

Ikusmen zorroztasuna begiak, burmuinarekin elkarlanean, bai gertutik baita urrutitik ere objektu eta pertsonak zehaztasunez bereizteko gaitasuna da. Ikusmen zorroztasuna modu estandar batean finkatzeko erabiltzen dira optotipoak edota letra edo irudiak dituzten laminak, non beraien tamaina murriztuz doan distantzia zehatz batera pertsonaren begiak antzeman dezakeen tamaina txikienera iritsi arte. Gizon-emakumeak ikus dezakeen tamaina txikiena bere ikusmen zorroztasunaren adierazle izango da. Bi begiekin egiten da froga, gertu eta urrundik.

Ikusmen zorroztasunaren adierazpen numerikoa zatiki baten bitartez egiten da, non zenbakitzailea optotipoa ikusten den distantzia den eta izendatzailea, berriz, ikusmen normala duen begi batek berau antzematen duena. Horrela, esate baterako 6/6 ikusmen normala da, hau da, pertsona horrek 6 metrora ikusten du gizakiak ikusmen normalarekin 6 metrora ikusten duena. 1/60ko zorroztasunak adierazten du subjektuak metro batera ikusten duela ikusmen normala duenak 60 metrora ikusten duena.

Legearen aurrean itsuak diren pertsonak, egoki diren zuzenketa optikoekin, begi hoberenean 6/60 edo gutxiagoko ikusmen zorroztasuna dutenak dira. Honek adierazi nahi du legez itsu den pertsona batek 6 metroko distantziara ikusten duela ikusmen normala duen beste batek 60 metrora ikus dezakeena.

Bestalde, ikuseremua (edota ikusmen periferikoa) albo, goi eta behealdetik begiak antzeman dezakeen gunea da, hots, begiak mugitu gabe eta aurrerantz begiratuz gero ikusten den eremua. Horrela, ikuseremu normala duen pertsona batek plano horizontalean 180 eta bertikalean, ordea, 140 graduko zabaltasuneko gunean dauden objektuak antzemateko gai da. Bi begien ikuseremu konbinatua 10 gradu edo gutxiagokoa denean pertsona hori “legearen aurrean itsua” da.

1,5 metroko distantziara lurrera begiratuz gero 10 graduko ikusmena duen (edo legez itsua den) pertsona batek 26 cm-ko zirkunferentzia baten barnean aurkitzen dena ikus dezakeen bitartean, 140 gradukoa (edo ikusmen normala) duen gizon-emakumeak 2 metroko zirkunferentzia batean dagoen azalera antzeman dezake.