Foru Aldundiaren saria emateko ekitaldia erakunde honen Jauregian burutu da. Bertan parte hartu dute Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta gure elkarteko bazkide eta ordezkari hainbatek. Sarean zuzenean jarraitzeko 3.000 gonbidapen bidali dira. (Ekitaldi osoa ikusteko esteka, testu honen bukaeran).
Unerik hunkigarriena Retinosis Gipuzkoa Begisarek eskultura jaso duenean gertatu da, boluntarioen bitartez komunitateari emandako zerbitzua irudikatzen duen ikurra, hain zuzen.

Hizlariek Begisarek bere 23 urtetako ibilbidean egindako lana nabarmendu dute, oro har ikusmen desgaitasuna dutenen bizitza hobetzeko eta zehazki erretinosi pigmentarioa dutenena. Halaber, gure elkarteak beste entitate batzuekin elkarlanean aritzeko gaitasuna azpimarratu dute. Horietako bat Donostia Ospitalea da. Harekin arlo klinikoan zein ikerkuntzari dagokionean harreman estua du. Ikusmen murriztua dutenen aldeko zeregina eta sentsibilizazio soziala ere hizpide izan dituzte.
Ekitaldian lehenengoz bideo bat proiektatu da, lekukotasunen bidez, elkarteak bere eginkizuna azaltzeko landu duena.
Goxoa eta ospetsua izan da ekitaldia. Bukaeran, familia-argazkia egiteko unea iritsi da, ezbairik gabe, Begisareren historian zedarri izango dena.
Sari honek balio berezia du, epaimahaikideen artean entitate sozialak daudelako. Guztioi gure eskerrik beroenak baita Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Adolfo Lopez de Munain doktoreari gure hautagaitza aurkezteagatik.
Ekitaldia osorik ikusteko esteka:
Sariak oihartzun handia izan du hedabideetan, gure lana are gehiago zabaltzeko giltzarri.