Print Friendly, PDF & Email

“Mugak izan arren, egokitzen ikasi dut”

2014(e)ko Apirilak 18
 

Gipuzkoa, gipuzkoa.hitza.info.

Markel Etxabegureni (Donostia, 1987) 7 urte zituela diagnostikatu zioten erretinosi pigmentarioa. Izotz hockeyan jokatzen zuen Txuri Urdin taldean, eta gurasoak ohartu ziren zenbait momentutan galdu egiten zuela pastillaren norabidea. Hori gertatzen zitzaion taldeko haur bakarra zela ikusirik, gurasoek, “kezkatuta”, oftalmologo batengana jo zuten. Hasieran ez zioten gaixotasunik topatu, baina gurasoen ekinez, proba gehiago egin zizkioten. Azkenean, erretinosi pigmentarioa diagnostikatu zioten medikuek.

Etxabegurenek “nahiko ondo” eraman du gaixotasuna. Txikitan diagnostikatu izanak horretan lagundu diola uste du: “Txiki-txikitatik bizi izan dudanez, errazagoa izan zait onartzea. Nire bizimodua muga horietara egokitzen ikasi dut, eta kito”. Bera zein ingurukoak egokitu dira. Gogoan du, esate baterako, txikitan Anoetara Reala ikustera joaten zela lagunekin, eta etxera bueltan kuadrillako guztiek laguntzen ziotela.

Eta oraindik joaten da Anoetara, “gidatu ez ezik ia denetarik” egin baitezake. Parrandan ateratzen da, errugbian jokatzen zuen, zuzenbide ikasketak bukatuak ditu, bidaia ugari egin izan ditu… “Mugak ditudala ez dut ukatuko. Baina muga horiek baldintza gisa onartuta, bizitza normala egin dezaket”. Ikasketak arazorik gabe egin zituen. “Material asko dago egokitua. EHUn, gainera, departamentu bat dago ezintasunak dituzten ikasleei laguntzeko”.

Azken sei hilabeteak, berriz, Londresen igaro ditu, banketxe batean praktiketan. “Momentu txar batzuk” pasatu ditu, baina ondo moldatu da. Hasieran lankideak “harrituta” gelditu ziren: “Bastoiarekin iristen nintzen, eta gero egun osoa ordenagailuaren aurrean pasatzen nuen, haiek bezala”. Etxabegurenen ustez, gakoa da jendeari azaltzea zer egiteko gai den: “Askotan guk geuk jartzen dizkiogu mugak geure buruari; garrantzi handiagoa ematen diogu egiten ez dakigunari egiten dakigunari baino”.

Donostia “auzotik” Londres hiriburu handira bakarrik joateak dezente beldurtzen zuen. “Donostian dena ezagutzen duzu. Dena buruan eskaneatua duzu, azken batean”. Londresera uste baino hobeto egokitu da, ordea. “Jende gehiago bai”, baina Donostian baino oztopo gutxiago topatu ditu han: “Hemen oztopo urbanistiko gehiago daude: autoak ez aparkatzeko pibote txikiak, zaborrontziak, iturriak”. Hala ere, ez luke esango Donostia “toki deserosoenetakoa” denik ikusmen arazoak dituztenentzat. Gero eta “kontzientziazio handiagoa” dagoela dio Etxabegurenek, eta urratsak egiten ari direla pixkanaka: autobusetan, kutxa automatikoetan, zebrabideetan…

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tamaño de fuente
CONTRASTE